
Egin Dezagun Bidea ekimenak www.kolosalaizangoda.info web orria martxan jarri eta bi aste igaro direnean, erabateko poztasuna azaldu behar dugu orain arte burutu dugun atxekimendu eta babes bilketak emandako fruituekin. Izan ere, datorren urtarrilaren 7an Bilbon burutuko den Herri Mobilizazio Orokorrak 8.000 babes bildu baititu 15 egun eskasetan. Marka guztiak hausten ari gara eta honek urtarrilaren 7an Bizkaiko hiriburuan burutuko den Herri Mobilizazio Orokorra pizten ari den ilusio erraldoiaren berri ematen digu.
Bi astetan lortutako babes kopuruak, bestelako ekimen edo mobilizazioek aurretik jasotako babesak aise gainditzen ditu. Horiek horrela, eredu argi bat ipintzearren, iaz Egin Dezagun Urratsa ekimenak egindako deialdiak 6000 atxekimendu inguru lortu zituen kanpaina osoan zehar. Ondoren, 2011ko urtarrilaren 8an 65000 lagun bildu ziren Bilboko kaleetan. Oraingoan, mundu osoko 8000 norbanako eta eragileek babesa eskaini diote 2012ko urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorrari oraindik hitzordua heltzeko hilabete baino gehiago falta denean.
Milaka babes bildu ditugu, mundu osotik eta jendarte esparru ezberdinetatik. Politikagintza, sindikalgintza, eragile sozial ezberdinak, kultura alorrekoak, goi mailako kirolariak, osasungintza, zuzenbidearen eremuko profesionalak, unibertsitatea eta hezkuntza, gazteria, feminismoa, erretiratuak, etxeko andreak, krisiak eraginda langabezian dauden pertsonak, arte eszenikoetan aritzen direnak, bertsolariak... zerrenda amaigabe bat. Guztiek euren ekarpena egin nahi dute datorren urtarrilaren 7ko Herri Mobilizazio Orokorra Euskal Herriaren historian sekula egin den martxarik handienetako izateko. Egoerak hala exijitzen digu gainera.
Egin Dezagun Bidea ekimenetik berriz ere deialdi zabal bat egiten dugu www.kolosalaizangoda.info webgunean atxekimendua eman eta deialdia lau haizetara zabaltzeko gure esku dauden bitarteko guztiak erabiliz. Horrekin batera, herriz herri urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorrera begira antolatuko diren dinamika eta ekimenetan parte hartzeko gonbidapena egiten diogu euskal jendarte osoari.
Guztion esku dago inoiz Euskal Herriaren historian burutu den martxarik handiena osatzea. Guztiok dugu zer esan eta zer egin, guztion ekarpenak lekua du preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izatea. Guztion artean, indarrak bilduz eta bakoitzak bere esparruan eta bere ahalmenaren arabera konpromisoak hartuz, urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorra kolosala izatea lortu dugu. Bidean gaude eta ziur lortuko dugula.
Egin Dezagun Bidea
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.