Argazkian, gaur eman dute prentsaurrekoa Bilbon / © Etxerat
Natxi Aranburu (Etxerat elkarteko kidea):
Gure senide eta lagunek behin eta berriz jasan behar izaten dituzte espainiar eta frantziar Estatuen erasoak. Euskal preso politikoei aplikatze zaizkien salbuespeneko neurri gogorretako bat da sakabanaketa. 2011ko abenduaren 10ean Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide guztiek euren Euskal Herriratzea edota muturreko egoerak bertan behera geratzea eskatzen duten banakako eskaerak bidali zituzten Espetxeetako Zuzendaritzara.
Berriki jakin dugun moduan, espainiar Gobernuko Barne Saila den Jorge Fernández Díaz-en hitzetan, gure senide Euskal Preso Politikoek egindako eskaerei ezezkoa eman die Espetxeetako Zuzendaritzak. Hau da, dispertsio politikarekin amaitzea, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak eta zigorra osorik betea dutenak askatzea, edota zigorraren 3/4ak ala 2/3ak beteak dituztenak baldintzapeko askatasunean jartzeari ezezkoa eman dio. Oinarrizkoak diren eskaera hauek ukatu izana, gure senideei dagozkien eskubideak errotik moztu, eta hainbeste sufrimendu eragiten duen espetxe politika krudelarekin jarraitzeko asmoa erakusten digu espainiar Gobernuak.
Izan ere, euskal presoak Euskal Herrira gerturatu beharrean, etengabe urruntzen ari dira. Horixe gertatuko da laster, Ruben Ribero eta Ibon Goieaskoetxea presoekin ere; La Sante eta Villepinte espetxeetan hurrenez hurren, dauden preso politiko hauek senideentzat askoz eskuragaitzago dagoen Villefranche Sur Saône espetxera lekualdatuko baitituzte. Baina, leku-aldatze hauek eta euskal presoak euren herritik urruntzea behin eta berriz errepikatzen da. Euskal presoek egindako eskaerei erantzun positiborik ez emateagatik, eta aldarrikapen horiei euskal preso politikoen sakabanaketarekin erantzun izana salatzeko Villepinte espetxean dauden hiru preso politikoek borrokaldi bat hasi zuten duela bi aste baino gehiago, otsailaren 4an, zehazki.
Borja Gutierrezek eta Ibon Goieaskoetxeak 18 egun luze daramatzate gose greban, ezer jan gabe eta Joseba Fernandez ere borrokaldia burutzen ari da espetxearen barrura eta kanpora begirako ekimenekin.
Frantziar espetxeetan gure senide eta lagunen egoera okerrera ari da egiten etengabe. Dijoneko espetxean, esate baterako, oso egoera txarrean daude. Itziar Moreno bilbotarrak eta Oihana Garmendia santurtziarrak behin eta berriz jasan behar izan dituzte zigorrak, probokazioak, bisitekin arazoak, etab. Horrez gain, duela gutxi jakin dugu Itziar Morenok funtzionario baten eraso fisikoa ere jasan behar izan zuela. Zoritxarrez, gure senide eta lagunek hainbat eraso jasan behar izaten dituzte. Funtzionarioen eta guardia zibilaren erasoa jasan behar izan baitzuen duela gutxi Xabier Arina burlatarrak ere Puerto III espetxean.
Baina, erasoak ez dira fisikoak soilik izaten. Urtarrilaren azken egunetan eta otsailaren lehen egunetan gure senide eta lagunek hainbat miaketa jasan zituzten espetxeetan. Hauetako asko miaketa bortitzak eta zorrotzak izan zirelarik eta euskal preso politikoei bakarrik zuzenduak zeuden. Gainera, hainbat gauza kendu zizkieten. Miaketa gogor hauek jasan behar izan zituzten espetxeetako batzuk dira: Albolote (Granada), Alcala, Almeria, Aranjuez, Caceres II, Castello I, Cordoba, Soto del real, Topas, Valentzia III, Fresnes, Poitiers Vivonne...
Senideek eta lagunek ere miaketa zorrotzak jasan behar izaten ditugu gure senide eta lagunak bisitatzera joaten garenean, eta Etxerat Elkartetik bereziki salatu nahi dugu otsailaren bigarren asteburuan Xabier Alegria presoaren ilobak jasan behar izan zuena. Izan ere, Alegriaren emaztea 14 urteko alabarekin eta 15 urteko ilobarekin joan zen presoa bisitatzera. Bertan funtzionario batek 15 urtetik gorako gazteak ere miatu egiten zituztela esan zieten. Orain arte ez da horrelakorik eman. Gertaera hau errepikatzen bada hartu beharreko neurriak hartuko dituzte, adin txikikoak baitira. Era berean, aurrez aurreko bisitak burutu ahal izateko senideekiko miaketak ohikoak diren arren, otsailaren 11an eta 12an Iñaki Fagoagaren senide bati bisita normala (kristalarekin), hau da, senidearekin kontaktu fisikorik edukiko ez zuten bisita bat egiteko miatu egin zuten eta miaketa hau baimentzeko paper bat sinarazi zioten Fagoaga presoaren senideari. Espetxeetako funtzionario hauek erabiltzen dituzten trikimailu hauekin gu izutzea eta gure senide eta lagunak bisitatzez uztea lortu nahi dute, baina, guk argi eta garbi dugu ez ditugula alde batera utziko; eta beraiei gustatu ala ez astebururo astebururo milaka kilometro egiten eta euren etengabeko erasoak saihesten jarraituko dugu, gure senide eta lagunak diren euskal preso politikoak gurekin izan arte.
Gertakari guzti hauek argi eta garbi erakusten dute espainiar eta frantziar Estatuak espetxe politika anker honekin jarraitzen dutela, eta gainera, ez dutela aurrerapausorik emateko inongo asmorik; alderantziz, atzerapausoak ematen ari dira zigorrak ezarriz, presoak erasoz, sakabanaketa aplikatuz... Honegatik guztiagatik, Etxerat Elkartetik espetxe politika honekin berehala amaitzeko exijitzen diegu, euskal presoak Euskal Herrira ekarriz, eta gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak, zigorraren 3/4 eta 2/3 beteta dutenak eta 197/2006 doktrina aplikatuak dutenak aske utziaz. Halaber, presoekiko eta senideekiko etengabeko erasoekin amaitzeko ere exijitzen diegu.
Azkenik, dei egin nahi dugu otsailaren 24ean, hau da, azken ostiralean Herrira mugimenduak deitutako ekimenetan parte hartzeko. Alde batetik, goizean hiriburuetako Ospitaletan egingo diren elkarretaratzetan parte hartuz, eta bestetik iluntzean herrietako plazetan egingo diren elkarretaratzeetara joanez.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.