Argazkian, "Euskal presoak Euskal Herrira! Euskal presoak lantokietara!" lelopean, 35 gizon-emakumek egin zuten elkarretaratzea otsailaren 2an, Algortan, LABek deituta / cc-by ukberri.net
Datorren ostiralean, hilak 24, mobilizazioak burutuko ditu Herrira mugimenduak ospitale zein herrietan eta auzoetan. Eguerdiko 12etan burutuko dira ospitaleetako kontzentrazioak, Basurton (Bilbo), Donostian, Virgen del Caminon (Iruñean) eta Santiagon (Gasteizen). Arratsaldez, ohiko mobilizazioak burutuko dira herri eta auzoetan. Mobilizazio hauen bidez gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko aldarrikapena zabalduko da.
LABen ustez, muturreko espetxe egoerak gainditzeak izan behar du lehentasuna. Eta horrek, bete-betean, gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoez hitz egitera garamatza.
Espetxeetan egoera larrien berri txosten medikuek ematen dute. Asko adinean aurrera doazen presoak dira, jada 15, 20 edo 25 urteko espetxe zigorrak bete dituztenak, kondena betea izanagatik oraindik preso mantentzen dituztenak. Kasu gehienetan etxetik ehunaka kilometrotara sakabanatuak daude, isolamendu egoeran, osasun asistentzia kaxkarrarekin, elikadura desegokiarekin.
LABek dei egin die gobernuei espetxe politika anker hau aldatzeko urratsak eman ditzaten, besteak beste gaixotasun larriak dituzten presoak askatuz. Azken finean euskal preso politikoen giza eskubideez ari gara, herritar guztiei dagozkien giza eskubideez. Eskubide hauek urratzen jarraitzeak ondorio atzeraezinak izan ditzake.
Euskal Herrian, 2012ko otsailaren 21ean.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.