Munduan zehar, gero eta maizago agertzen zaizkigu neurri neoliberalen
ondorio tamalgarriak. Europako hainbat Estaturen krisialdi gisa
aurkezten diguten honek fenomeno globalago batean badu bere iturburua;
gainera, estrukturala den krisi horren erantzuleek izen-abizenak
badituzte. Afrika edota Asiako ondareak lapurtu eta mundu osoko jende
xumea miseria gorrira kondenatzen dutenak denon ezagun dira. Horiexek
dira, zulo ekonomikoan duten ardura saihestu asmoz, langileriari inoiz
ez bezalako murrizketak eta bizi baldintza ezin txarragoak ezartzen
dizkiotenak.
Krisi hau ez da herri batena edo bestearena, ez eta Europa soilarena,
kapitalismoaren fase garaikidearena baizik. Duela mende bat
kolonialismoaz edota gerla konbentzionalez gauzatu eta are bideratzen
zuen fase inperialistak, muga estrukturala gaindiezinekin egin du topo
dagoeneko. Kapitalismoak bere burua berregokitzeko gaitasun ikaragarria
erakutsi du orain arte: aurrekontu estrategikoak murriztuz (70.
hamarkadan, petrolioaren krisia tartean), erauste industrialak erabakiz
(80ko urteetan, lehiakortasuna aitzakiapean) edota, 90. hamarkadan
bezalaxe, zenbait aldarri sozial desitxuratuz eta bere zerbitzura
ezarriz (adibidez, jantzi ekologikoaz mozorrotuta). Oraingoan,
kapitalismoa ez da ezkutatzen bere sarraskien jomuga nor den aitortzeko:
langileok, alegia, betikoak. Non da biktima hauekiko ardura? Non ote
hauek erreparatzeko kezka? Non kapitalismoak eragindako miseriagatik
barkamenak?
Bagenekien kapitalismoak ez diola gizatasunari jaramonik egiten.
Finantza-kapitalismoak, urte luzetako borrokari esker langileek
erdietsitako eskubideak ezabatze bidean jarri dizkigu. Berak piztu eta
bultzatutako krisia, denon esfortzuaz nahi luke ordaindu, operazioaren
koste ekonomikoa gure bizkar jarriz.
Aldaketa hauek guztiek sekulako zirrara eragin dute mundu osoan eta
nola ez, Euskal Herrian ere: soldatak izozturik daude aspaldidanik eta
soldataren gehigarriak desagertzeko bidean; lan baldintzak gero eta
kaxkarragoak, hipoteken espekulazioak bere horretan; lehengaiak gero eta
garestiagoak; jakien salneurriak goraka nabarmen... Eta parean,
banketxeek etekinak jasotzen jarraitzen dute, txiroen kopurua areagotzen
den artean.
Euskal Herriko langileriak greba orokorrari ekingo dio berriz ere
datorren 26an. Egoera erreparatuz, ez da tamalez burutu beharko dugun
greba bakarra, ez eta azkena ere. Gure esku dago, egoerari aurre egin
eta errotik aldatzea. Pairatzen duguna eraldatzea posible baita.
Inperialismoa kapitalismoaren mailarik gorena denez, Espainiaren zein
Frantziaren inposaketa borrokatuz gizarte berri baten alde borrokatzen
ari garela argi agertzen zaigu: Estatu horiexek dira euskal jendeak
sufritzen duen egoeraren erantzuleak, arestian esan bezala bakarrak ez
izan arren.
Alde nazionala eta alde soziala txanpon bereko alde biak dira. Hala
irudikatu zuen Euskal Askapen Mugimenduak aspaldi eta hala jarraitzen du
izaten. Hain zuzen, Gudari Eguna dugu 27an eta bertan omentzera goaz
independentzia eta sozialismoaren alde borrokan bizitza eman duten
guztiak. Gaurko grebarekin ez gara krisiaren aurrean erantzun soila
eskaintzen ari, guztiok amestutako gizarte berri bat aldarrikatzen ari
baikara. Espetxetatik euskal langileriarekin, euskal borrokalariekin bat
egiten dugu!
Independentzia eta Sozialismoa! Amnistia-Autodeterminazioa!
EPPK
Euskal Herria bihotzean, 2012ko irailean
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.