Iturria: Berria.info
ELDH Demokrazia eta Giza Eskubideen Aldeko Europar Legelarien Elkarteak atzo ezagutzera eman zuen agiri baten bidez ohartarazi du
ezarritako zigorra bete ondoren euskal preso ugariri ezarri dieten
197/2006 doktrinak zein gaixo larri dauden euskal presoak kartzelan
edukitzeak Espainiako eta nazioarteko legediak bortxatzen dituztela.
Hori dela eta, legedi horiek bete, eta doktrina aplikatu zaien presoak,
zein gaixo larri direnak askatzera eta Parot doktrina bertan behera uztera dei egin die Espainiako Gobernuari eta erakundeei.
"ELDHk
Espainiako Gobernuari eta bere erakundeei dei egiten die kondena bete
arren Auzitegi Gorenaren 197/2006 epaiaren emaitza den Parot doktrinaren
bidez zigorrak luzatu dizkieten presoak askatzera. Doktrina hori
indargabetzeko ere eskatzen diegu", dio ELDHk irailaren 15ean onartu
eta herenegun ezagutarazitako erabakiak. "Uste dugu preso horiek kartzelan
mantentzeak askatasun eta segurtasunerako eskubidea bortxatzen duela",
gaineratzen du, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio
presoaren auziaz emandako ebazpena bere eginez.
Gaixo larri diren
euskal presoen kasuan, ELDHk kezka agertu du, eta haiek lehenbailehen
askatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, espainiar legedia (Zigor
Kodearen 92. artikulua) betez, alegia gaixotasun larri eta sendaezinak
dituzten presoak baldintzapean askatau behar direla dioena aurrera
eramanda. "Pertsona horiek aske uzteko irizpide mediku eta
humanitarioak baino ezin dira erabili", dio ELDHk.
Europako Giza Eskubideen Auzitegia doktrinaren aurka azaldu zen uztailean
Joan den uztailean emandako epai batean, Europako Giza Eskubideen Auzitegia Parot doktrinaren aurka azaldu zen,
lehen kasuan bertan. Ines del Rio Prada euskal presoari kartzela
zigorra luzatzea "irregularra" dela esan zuen, eta Espainiari hura ahal
den azkarren libre uzteko eskatu zion. Espainiak oraindik ez du erabakirik hartu; gaia urriaren 10erako utzi du Auzitegi Nazionalak.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.