Ikusi agerraldiaren bideoa
Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok Arkaitz Rodriguez euskal preso politikoaren arreba den Enara Rodriguezek salatutako gertakariaren aurrean gure jarrera adierazi nahi dugu. Enara Rodriguezek bere neba Arkaitz bisitatu eta gero Donostiara itzultzeko bidean beste kotxe baten mugimendu arriskutsuek A-12 autobiatik irtetera behartu zutela, bere bizia arriskuan jarriz. Gainera, Enara Rodriguezek autobiatik kanpo zegoela kotxea geldiarazi zuela kontatu zuen. Orduan lehengo kotxean zeuden gizonezkoek beraien polizia plakak erakutsitakoan Enara kotxetik atera, ostikoka jo, iraindu, ukitu eta bortxatzearekin mehatxatu zuten. Badirudi oso luze egin zitzaizkion bost minutu pasa ondoren joaten utzi ziotela.
Euskal preso politikoen senideekiko eraso jarrera hau ez da berria, baina Enarak kontatutakoak muga guztiak gainditu ditu. Jarrera bortitz horiek Arkaitz Rodriguezen senideei ez ezik, gainontzeko euskal preso politiko guztien senideei ere beraien samina are handiagoa egiten diete.
Euskal preso politikoen dispertsioak Arkaitz Rodriguezen senideei,
gainontzeko euskal preso politikoen senideei bezala, senidea etxetik
urrun den zigor gogor hori jasateaz gain, kontroletik kanpo omen dauden
“elementuen” jomuga bihurtzen ditu, Enararen testigantzak erakutsi
digun bezala. Antza denez, kontroletik kanpo zeuden elementu horiek
poliziak ziren.
Tamalez, ezin dezakegu kasu hau bakarra dela esan. Duela ia urtebete
ETAren jarduera armatua amaitu zen eta Espainiako polizi- indarren
eraso jarrera eta jazarpena, oro har, euskal herritar ororekiko eta
batez ere eszenatoki politiko berri honekiko konprometituen dauden
herri sektoreekiko ikaragarria da.
Espainiar estatuari bere gerra tresneria guztia indargabetu eta bere
dispositibo hertsatzaile guztiak Euskal Herrian dagoen eszenatoki
politiko berriarekiko egokitu ditzala. Bada garaia guztiok bake eta
normalizazio demokratikoaren bidea urratzen hasteko.
Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile politiko, sindikal eta
sozialok, giza eskubideekiko begirunea oinarri, bake eta normalizazio
demokratikoa helburu dituen prozesu hau bultzatzeko konpromisoa
berresten dugu. Horregatik euskal herritarrei gurekin batera bultzatzeko
deia egiten diegu heldu den larunbatean, urriak 13, eguerdiko 12etan
Donostiko Amara auzoan dagoen Gobernu Zibilaren aurrean isilpean
elkarretaratzea eginez.
Elkarretaratzearen leloa “KONPONBIDE GARAIA DA. Indarkeria oro bertan behera utz dezatela”.
Gernikako Akordioa
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.