2013/04/03

Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeran Goikoetxea eta Cotanoren absoluzioa berretsi dute

Argazkian, "Epaiketa politikorik ez. Utzi bakean Euskal Herria" lelopean, 80 lagun inguru elkartu ziren apirilaren 12an arratsaldean Algortako Telletxe plazan, epaiketa salatzeko / cc-by Ukberri.net

Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano Sinde gatibu algortarraren absoluzioa berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak, Fiskaltzak jarritako helegitea atzera botaz. Atzo eman zuten ezagutzera sententzia. Arkaitz eta Cotano absolbitu egin zituen 2012ko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak; tribunalaren ustez, "ez dagoelako akusatuen parte hartzea froga dezakeen oinarririk". Fiskalaren arabera, ordea, berak eskatutako frogek berretsi egingo lukete Cotanok egindako aitorpena. "Cotanok esan zuen Goikoetxea zela taldearen arduraduna eta berak eman zizkiela lehergailuak taldeko kideei; ondoren, hainbat kidek —Asier Borrero algortarra tartean— eta Cotanok berak lehergailuak jarri zituztela epaitegian", aipatu iturrien arabera. Epaiketan, ordea, bere aurkako froga bakarra, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta zegoela egindako adierazpenak zirela onartu zuen tribunalak berak. Fiskaltzak 44 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat.

Fiskalak aipatzen zuen froga zera zen: lehergailu gisa erabili zuten eltze batean aztarna bat topatu zutela, eta Borrerori dagokiola. Borrero momentu horretan ez zegoen epaituen artean, eta Auzitegi Nazionalak ez zuen froga hori onartu, defentsaren eskariz, argudiatu zuelako froga horrek ez ziela eragiten une horretan epaituak izaten ari zirenei.

Arkaitz eta Cotano askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.