Argazkian, Algortako Bilgune Feministak egin zuen azken ostiralerako deialdia.
Algortan, manifestazio batek zeharkatuko ditu
kaleak, Bilgune Feministak deituta. Hitzordua 20:00etan jarri dute
Telletxe plazan. Ondoren, ekitaldia egingo dute Txiki-Otaegi plazan; eta
amaitzeko, dantza-pintxo-poteoa herrian zehar.
Martxoaren 8an, emakumearen nazioarteko egunean, Herrirak hainbat gogoeta plazaratu nahi ditu, kartzela sistemaren izaera matxistak euskal preso politikoen kolektiboko emakumeengan eragiten duen eskubide urraketaz ohartarazteko.
Jakina da, euskal preso politikoen kolektiboari berariaz ezartzen zaizkiola salbuespenekoak diren neurri urratzaileak. Horien artean, euskal gizarteak gehiengoz errefusatzen duen dispertsio politika. Dispertsioak, senideengan ez ezik, presoengan eragina du, isolamendu eta bakartze egoerak baitakartza berarekin. Alta, presoen indefensioa areagotzen da dispertsioaren bidez kartzela barruan. Emakumeak, gutxiago izanik, are eta gehiago pairatzen dute kartzelaren isolamendua eta bakartasuna.
Amatasuna eskubide urratua da kartzelan. Edonork du eskubidea ama izateko, baina kartzelak eskubide hau automatikoki kentzen die preso dauden emakumeei. Haurdun geratzeko oztopoak hamaika dira, bai harreman sexualak galaraziak direlako, bai eta bestelako alternatibak eskuratzea aski zaildua aurkitzen delako. Horrez gain, haurra edukitzea lortu arren, dispertsioak haurra kanpora noiznahi atera ahal izatea galarazten dio familiari, haurra preso bilakatzen delarik askotan. Haurrak hiru urte betetzean banaketa bortitza ematen da amarekiko, preso politikoei ukatu egiten baitzaie banaketa hau era normalizatu batean egitea (haurrarekin espazio jakinetan egonaldiak burutzeko aukera, etab.)
