Argazkian, Algortako Bilgune Feministak egin zuen azken ostiralerako deialdia.
Algortan, manifestazio batek zeharkatuko ditu
kaleak, Bilgune Feministak deituta. Hitzordua 20:00etan jarri dute
Telletxe plazan. Ondoren, ekitaldia egingo dute Txiki-Otaegi plazan; eta
amaitzeko, dantza-pintxo-poteoa herrian zehar.
Martxoaren 8an, emakumearen nazioarteko egunean, Herrirak hainbat gogoeta plazaratu nahi ditu, kartzela sistemaren izaera matxistak euskal preso politikoen kolektiboko emakumeengan eragiten duen eskubide urraketaz ohartarazteko.
Jakina da, euskal preso politikoen kolektiboari berariaz ezartzen zaizkiola salbuespenekoak diren neurri urratzaileak. Horien artean, euskal gizarteak gehiengoz errefusatzen duen dispertsio politika. Dispertsioak, senideengan ez ezik, presoengan eragina du, isolamendu eta bakartze egoerak baitakartza berarekin. Alta, presoen indefensioa areagotzen da dispertsioaren bidez kartzela barruan. Emakumeak, gutxiago izanik, are eta gehiago pairatzen dute kartzelaren isolamendua eta bakartasuna.
Amatasuna eskubide urratua da kartzelan. Edonork du eskubidea ama izateko, baina kartzelak eskubide hau automatikoki kentzen die preso dauden emakumeei. Haurdun geratzeko oztopoak hamaika dira, bai harreman sexualak galaraziak direlako, bai eta bestelako alternatibak eskuratzea aski zaildua aurkitzen delako. Horrez gain, haurra edukitzea lortu arren, dispertsioak haurra kanpora noiznahi atera ahal izatea galarazten dio familiari, haurra preso bilakatzen delarik askotan. Haurrak hiru urte betetzean banaketa bortitza ematen da amarekiko, preso politikoei ukatu egiten baitzaie banaketa hau era normalizatu batean egitea (haurrarekin espazio jakinetan egonaldiak burutzeko aukera, etab.)
Kartzela sistema, gizonezkoentzat eraikia izan da. Azken urteetan hainbat aldaketa eman dira, emakumeen eta amentzako moduluak sortuz. Edonola ere, espazio hauek oro har ez dira emakumeen izaera eta premiei so eginez sortu. Egokituriko espazioak besterik ez dira, gizonen arabera eraikitako eraikinetan leku bat eginez emakumeari.
Kartzelak erabaki ohi du zer den eta zer ez den emakumeak egin dezakeena. Preso politikoek aukera gutxi izaten dute aktibitateak burutzeko, hala nola ikastaroak, kirola, etab. Baina hala izaten denean, emakumeek izugarrizko mugak topatzen dituzte, ezin baitute hainbat jardueretan parte hartu, “gizonezkoenak diren argudiopean”, hala nola, hainbat kirol jarduera, kiroldegirako sarbidea, ikastaro jakin batzuk… Emakumeentzat soilik matxismoak ezartzen dion rolari loturiko aukerak izaten dira: joskintza, sukaldea, etab.
Emakumeekiko funtzionario eta polizien tratuan ere nabarmena da kartzela sistemaren izaera matxista. Jokabide sexistak ohikoak izaten dira, emakumea objektu sexual gisa tratatzen delarik maiz. Horrez gain, emakumearengan zigor gehitua ezartzen da kartzelan, patriarkatuak ezarritako rola apurtu izanagatiko iraina eta errekonozimendu eza etengabekoa baita.
Guztiarekin, kartzela sisteman ere emakumea ikusezin bihurtzen da, eta bere eskubideak urratuak dira era bikoitzean, preso politikoen kolektiboari ezartzen zaion zigor gehituari, emakume izateari ezartzen zion zapalkuntza eransten baitzaio.
EPPKn 89 emakume
603 presok osatzen dute, orotara, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK). Horietatik 89 (603 preso horien artean etxean preso daudenak ere kontuan hartzen dira, eta azken datuen arabera hau da emakumezko preso kopuruaren banaketa: 2 Euskal Herrian, 55 Estatu espainolean, 29 Estatu frantsesean, 3 espetxeratze arinduan) emakumeak dira, eta 35 kartzeletan sakabanaturik aurkitzen dira. Guztien artean, Euskal Herriko espetxe batean aurkitzen dira bi emakume. Gainerakoen artean, 55 emakume Espainiako kartzela desberdinetan aurkitzen dira, eta 29, berriz, Frantziako kartzeletan. Emakume horien artean 7 dira beraien haurrarekin espetxean daudenak. Badira, halaber, haurra kanpoan duten emakumeak ere, 15 Espainian eta 5 Frantzian.
Egun EPPKn Uribe Kosta eta Erandioko 32 gatibu dago. Horietatik bost emakumeak dira: Jone Lozano Miranda (Algorta), Saioa Sanchez Iturregi (Berango), Irantzu Gallastegi Sodupe (Berango), Lexuri Gallastegi Sodupe (Berango) eta Olga Sanz Martin (Sopela).
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.