665 euskal preso politiko daude sakabanatuta Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Portugalgo, Ipar Irlandako, Ingalaterrako eta Mexikoko espetxeetan, edota euren etxeetan. Zoritxarrez kolektibo honi behin eta berriz aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriek hainbat ondorio dituzte gure senide eta lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboarengan. Gure senide eta lagunek bizi dituzten egoera hauek salatzea eta gertaera hauekin amaitzea da gure helburuetako bat; horregatik, otsaileko hilabetekari honetan bildu ditugu urtarrileko azken egunetan eta otsailean gertatu diren gertaera nagusiak.
Hilabetekari honetan ikus daiteke Espainiako eta Frantziako Gobernuek ez dutela konponbidearen aldeko inongo aurrerapausorik emateko asmorik, are gehiago atzerapausoak etengabe ematen ari dira. Gure senide eta lagunei biziarteko zigorra aplikatzen jarraitzen dute, honek sor ditzakeen ondorio sikologiko nahiz fisikoak kontutan hartu gabe. Honela, jada kondena beteta duten presoei 197/2006 doktrina aplikatu eta hamar urtez luzatzen diete zigorra. Guztira espetxe zigor osoa bete eta Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina aplikatua duten 54 preso politiko daude. Eta espetxe zigorra oraindik bete gabe dutenen artean 9 presok dute 197/2006 doktrina aplikatua. Beste 14 presok 197/2006 doktrina aplikatua dute, baina baldintzapeko askatasunean daude. Guztira 73 euskal preso politiko daude Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina aplikatu dietenak. Kalean egon beharko luketen, baina doktrina aplikatu eta espetxean jarraitzen duten presoen artean aurkitzen dira Patxi Gomez (berriz espetxeratu berria) eta Juan Ignacio Delgado.
Presoen egoera benetan okertzen ari da Frantziako espetxeetan: bisita bikoitzak kendu dizkiete, Dijon espetxeko egoera oso txarra da, eta bertan dagoen Itziar Moreno presoak funtzionario baten erasoa jaso zuen, Villepinten 18 eguneko gose greba bat egin dute... Badirudi aro berri honetan aurrerapausoak eman beharrean, gure senide eta lagunen egoera egunetik egunera gogortzen ari direla.
Guzti honez gain, aipagarria da bereziki Espainiako espetxeetan, baina baita Frantziakoetan ere, euskal preso politikoek jaso dituzten miaketa orokorrak. Espetxe ugaritan miaketa zorrotzak eta gogorrak jasan behar izan dituzte. Betiere gure senide eta lagunei bakarrik zuzenduak izan dira, eta hainbat gauza kendu dizkiete. Hala ere, hau gure senide eta lagunek jasotzen dituzten askotariko erasoen adibideetako bat besterik ez da. Izan ere, erasoak, isolamendua, sakabanaketa, etab. gure bizitzetan behin eta berriz errepikatzen diren zorigaiztoko gertaerak baitira.
Guzti honegatik ezinbestekotzat jotzen dugu gure senideek, lagunek eta guk geuk sufritzen dugun sakabanaketarekin berehala amaitzea; euskal presoak Euskal Herriratuz. Eta gaixotasun larriak eta sendaezinak duten presoak, zigorraren 2/3 edo 3/4 beteta duten presoak, 197/2006 doktrina aplikatua dutenak eta 70 urtetik gora dituzten presoak berehala askatzea ere beharrezkoa dela uste dugu.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.