Iturria: Berria.info
Argazkian, preso eta iheslarien aldeko manifestazioa ireki duen pankarta. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)
Hamabost mila lagunek bat egin dute Herrira-ren deialdiarekin; kolore orotako alderdi, sindikatu eta eragileak bildu dira
Manifestaldiaren burua San Andres plazan zen azken manifestariak abiatu zirelarik
Manifestaldiaren burua San Andres plazan zen azken manifestariak abiatu zirelarik
Euria barra-barra egin arren, Baionako karrikak euskal
preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko uholde bihurtu ziren
atzo. Eguraldiak ebatsi zuen giroa jendeak eraiki zuen, presoen aldeko
etengabeko oihuekin. "Historiko" hitzak zentzu lausoa ukan dezake,
baina Ipar Euskal Herrian presoen eta iheslarien alde sekula izan den
manifestaziorik handiena izan zen atzokoa. Ipar Euskal Herriko bertso
finala izanik, manifestazioa tenorez abiatu zen Euskaldunen Plazatik.
Tenorez
abiatu eta manifestazioaren burua 16:30 aldera heldu zelarik San Andres
plazara, doi-doi ziren abiaturik azken manifestariak Euskaldunen
Plazatik.
Paulmy etorbidean gora abiatu ziren manifestariak
15:30ean, aitzinean zirelarik preso eta iheslarien senideak. Eskuetan
presoen argazkiak, eta, erdian, haien ikur den esku argia. Berehala,
haien gibelean, euskal iheslari politikoen banderola. "Euskal Herrian libre"
zioen, hamarkada luzetan baliatu duten aldarria eskuetan hartuz.
Iheslarien kolektiboak segitu behar zuen, baina jende ugari sartu zen
banderola horren gibelean. Banderola ofiziala, manifestazioa hasi behar
zuena, gibelean zen, eta, bien artean, milaka eta milaka pertsona. "Presoak kalera, amnistia osoa" eta "Amnistiarik gabe bakerik ez" oihuak behin eta berriz entzun ziren.
"Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira"
zioen Herrira-k manifestaziorako hautatu zuen leloak. Hautetsiek eta
gizarte eragileek atxiki zuten, Paxkal Indo Seaskako presidenteak,
Erregina Dolossor CFDTko kideak, Alice Leizeagezahar Akitaniako
kontseilari berdeak, Laura Mintegi EH Bilduko kideak, Jean Francois
Leffort Batasuneko kideak, Peio Etxeberri Aintzart ABko kideak, Angela
Mejias argazkilariak, Kotte Ezenarro kontseilari nagusi sozialistak,
Frederique Espagnac senatari sozialistak, Sylviane Alaux diputatu
sozialistak eta Alain Hiriart hautetsi abertzaleak.
Manifestazioak
gutxitan abiatzen dira tenorez Ipar Euskal Herrian, edo sekula ez.
Manifestazioa abiatu baino ordu erdi aitzin, presente ziren Euskaldunen
Plazako inguruetan hautetsi nagusiak, adierazpenak egiteko zain. Azken
asteotan Euskal Herrian izandako gertakariek, ETAko kideen atxiloketak,
Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren eskutik Lurralde Elkargoaren
proposamenak pairatu duen mespretxuak eta Aurore Martinen atxiloketa eta
Espainiaratzeak bazterrak oro inarrosi ditu Ipar Euskal Herrian.
Sozialistek, nagusiki, beren jarrera berretsi eta indartsu agertzeko
irrika zuten. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak ere bertan egin
zituen adierazpenak.
Argazkiak metatzen
Azken
asteetan, «ezohiko» argazkiak metatzen ari dira Ipar Euskal Herrian, eta
atzo ezin salbuespenik gertatu. Manifestazioa heldu zelarik San Andres
plazara, unibertsitaterako aldapetan eta eskaileretan jarri ziren
presoen senideak, presoen argazkiak eskutan. Ondoan, iheslari
politikoak, eta erdian, banderola zeramaten hautetsiak. Hego Euskal
Herrian, ohikoak bihurtu badira gatazkak eta Poliziaren oldarraldiak
presoen argazkiak eramateagatik edo haien ondoan egoteagatik; atzo ez
zen horrelakorik gertatu Baionan. Hautetsi sozialistek beren tokia
atxiki zuten.
Aurore Martin euroagindua baliatuz bidali zuten
Madrilera, Frantzian delitua ez den baina Espainian delitua den
agerraldi publiko bat egiteagatik. Argi zuten han egoteak ez zuela
adierazi nahi ETA sostengatzen dutenik edo borroka armatua sostengatzen
dutenik. Baina guztiek bat egin dute Aieteko Adierazpenean ebatzi zen
ildoarekin. "Euskal presoak Euskal Herrira" oihuarekin erantzun
zieten manifestariek aipatu argazkiari. Ideologia anitzetako eragileek
osatzen zuten argazkiari so, presoen gaiari aterabidea atzematea
konponbidearen ildoan funtsezko eta lehentasunezko elementua den
seinale.
Jende uholdea izan zen, eta hutsunerik aipatzekotan,
Frantziako eskuin eta zentroko alderdietako ordezkarien falta nabarmendu
zen. Atzo ez ziren egon Baionan Max Brisson UMPko burua eta Jean
Jacques Lasserre senatari zentrista.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.