Argazkian, besteak beste, Gorka Garcia Sertutxa "Patas" algortarra preso daukate Algecirasen.
Iturria: Naiz.info
Algecirasko espetxeko zuzendaritzak Gabonak zoriontzeko postaletan euskara erabiltzea debekatua dagoela nabarmentzen duen gutuna igorri die euskal preso politikoei. "Zorionak eta urte berri on", "Eguberri on", "Urte berri, bizitza berri", "Errege magoen gutuna", "Badator Olentzero", "Gabon gau zoriontsua izan" edo "Gabon zahar zoriontsua izan" gisako esamoldeak baino ez ditu onartuko Algecirasko espetxeak euskal presoek igortzen dituzten postaletan. Gainontzeko guztia gazteleraz idatzi beharko dute halabeharrez presoek, bai behintzat espetxeak postalak itzultzea nahi ez badute.
Bitxia den beste esamolde bat ere onartzen du Algecirasko espetxeak: "Zortea Loteria zozketan". Estatu espainolak berak antolatzen duen
zozketa aipatzea, euskaraz bada ere, ez du begi txarrez ikusten, antza.
Baldintzok azaltzen diren gutunean Algecirasko espetxeko
zuzendaritzak berak dioenez, preso politikoek euren komunikazio
postaletan dituzten murrizketak "arindu" egin dira Gabonak direla eta.
Urtean zehar, astean bi gutun baino ezin dituzte bidali presoek.
Abenduan eta urtarrileko lehen astean, berriz, gutun horiez gain bost
postal ere bidal ditzakete. Dena den, murrizketa ugarirekin, ohikoa den
bezala. Hala, presoek igortzen dituzten postalek hiru lerro izan
ditzakete gehienez ere. Izan ere, "senideei edo lagunei Gabonak
zoriontzea" da postalon «helburu bakarra», espetxeko zuzendaritzaren
arabera.
Hori dela eta, "letra gehiegi" dituzten postalak presoei itzuliko
dizkiete. Horrekin batera, preso bakoitzak orotara bost postal baino
gehiago ezingo dituela bidali nabarmendu nahi izan du espetxeko
zuzendaritzak. Hortaz, kartazal batean postal bat baino gehiago sartzen
badituzte, guztiak itzuliko dizkiete.
Algecirasko espetxeko zuzendaritzak igorritako gutuna:

Algecirasko espetxeko zuzendaritzak igorritako gutuna:

0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.