Showing posts with label patas. Show all posts
Showing posts with label patas. Show all posts

2013/03/30

Cotano eta Patasen urtebetetzeak asteartean. Zorionak!

Aitor Cotano Sinde eta Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarrek asteartean, apirilak 2, egingo dituzte urteak; 29 eta 45, hurrenez hurren.
  
Aukera ona ere bada, postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, urteak egiteaz batera beren konpromisoan eredugarri dugun pertsona berezi hauei zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adieraztek.

Zorionak Cotano. Zorionak Patas. Eskerrik asko erakusten duzun adore eta kemen horregatik!

Helbideak:

Aitor Cotano Sinde
C.P. Puerto III
11500 Puerto de Santa María (Cádiz) 

Gorka Garcia Sertutxa
C.P. Algeciras
Carretera del Cobre, km. 4,5
11207 Algeciras (Cádiz)  

2012/12/17

Euskaraz idaztea debekatu diete euskal preso politikoei Algecirasen

Argazkian, besteak beste, Gorka Garcia Sertutxa "Patas" algortarra preso daukate Algecirasen.
Iturria: Naiz.info

Algecirasko espetxeko zuzendaritzak Gabonak zoriontzeko postaletan euskara erabiltzea debekatua dagoela nabarmentzen duen gutuna igorri die euskal preso politikoei. "Zorionak eta urte berri on", "Eguberri on", "Urte berri, bizitza berri", "Errege magoen gutuna", "Badator Olentzero", "Gabon gau zoriontsua izan" edo "Gabon zahar zoriontsua izan" gisako esamoldeak baino ez ditu onartuko Algecirasko espetxeak euskal presoek igortzen dituzten postaletan. Gainontzeko guztia gazteleraz idatzi beharko dute halabeharrez presoek, bai behintzat espetxeak postalak itzultzea nahi ez badute.

Bitxia den beste esamolde bat ere onartzen du Algecirasko espetxeak: "Zortea Loteria zozketan". Estatu espainolak berak antolatzen duen zozketa aipatzea, euskaraz bada ere, ez du begi txarrez ikusten, antza.

2012/10/31

Patas absolbitu egin dute ustezko ihesaldi planaren auzian

Jakin izan dugunez, Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarra, Ana Paz haren bikotekide izandakoa eta Iñaki Goioaga abokatua absolbitu egin dituzte. Fiskaltzak zioen Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat prestatu zutela hiruren artean, eta ondoko kartzela zigorrak jarri nahi zizkien: 16 urte Goioagari, zortzi Pazi eta sei Patasi. Baina irailaren erdialdean egindako epaiketan ez zuen frogarik erakutsi ihesa hiruren artean prestatu zutela esateko. Lekuko gisa deklaratu zuten bi guardia zibilek agerian utzi zuten, gainera, akusazioaren ahuldadea. Goioagaren eta Pazen kontra zergatik egin zuten galdetuta, "norbaitengan jarri behar genuen arreta", erantzun zuen haietako batek. Patas hilabete hasieran eraman zuten berriro Algeciraseko kartzelara, Algortatik 1.058 kilometrotara. 

Patas askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/10/11

Patas berriro eraman dute Algecirasera

Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarra joan den astean eraman zuten berriro Algeciraseko kartzelara, Algortatik 1.058 kilometrotara. Patas Madrilgo Valdemoro espetxera eraman zuten uztailaren bukaeran, irailaren 17 eta 18an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa bat egiteko, 2007ko ustezko ihesaldi plan batean nahasita egotea egotzita. Fiskalak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen berarentzat.


Sakabanaketarik ez!
Patas askatu! Preso eta iheslariak herrira!

2012/09/18

Fiskalak sei urteko espetxe zigorra eskatu du Patasentzat

Atzo hasitako epaiketan, torturapean egindako adierazpenak eta beste pertsona bati ustez atzemandako agiri batzuk besterik ez dute erakutsi Espainiako Auzitegi Nazionalean Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso algortarraren, Ana Paz haren bikotekide izandakoaren eta Iñaki Goioaga abokatuaren kontra egiteko, "Berria" egunkariak gaur zabaldu duenez. Fiskaltzak dio Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat prestatu zutela hiruren artean, eta espetxeratu egin nahi ditu: 16 urterako Goioaga, zortzirako Paz eta seirako Patas. Baina atzoko saioan ez zuen frogarik erakutsi ihesa hiruren artean prestatu zutela esateko. Lekuko gisa deklaratu duten bi guardia zibilek agerian utzi zuten, gainera, akusazioaren ahuldadea. Goioagaren eta Pazen kontra zergatik egin zuten galdetuta, "norbaitengan jarri behar genuen arreta", erantzun zuen haietako batek. Epaiketaren bigarren saioa izan da gaurkoa eta bihar jarraituko du.

Patas askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/09/17

Huelvako espetxetik ihes egiten ez zela saiatu esan du Patasek

Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarra, Ana Paz haren bikotekide ohia eta Iñaki Goioaga abokatuaren aurkako epaiketa hasi da Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2009an atxilotu zituzten, ustez bi urte lehenago Huelvako espetxetik ihesaldi bat prestatzea egotzita. Patas presoen kaiolatxotik atera dute deklaratzeko, han ez zuelako ezer entzuten, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Huelvako espetxetik ihes egiten ez zela saiatu esan du. Urte gutxi gelditzen zaizkiola zigorra betetzeko, eta laster ateratzea espero duela. Ana Pazek ere deklaratu du, eta esan du preso algortarrak ez ziola eman inoiz Goioagarentzako "ohar ezkuturik". Guardia Zibilak atxilotu zuenean torturatu egin zutela esan du, antsietatea izan zuela, eta derrigortu egin zutela ohar hori garraiatu zuela esatera. Goioagak abokatuen tokian eserita deklaratu du Jone Goizelaiaren galderei erantzunez. Esan du berak ez diola ETAren partez agindurik eman inoiz euskal presoei. Patasen abokatua dela eta haren defentsan aritu dela, baina ihesaldiei buruz ez dutela inoiz hitz egin. Atxilotu zutenean bere eskubidean urratu zirela ere salatu du. Galdeketek egin zizkiotela abokaturik gabe. Hasieran esan zuten Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarra zela plana pentsatu eta prestatu zuena —2007an ez zegoen preso— baina Grande Marlaskak auzitik kanpo utzi zuen inkomunikaziotik atera orduko. Hala ere, Arkaitz Valdemoro espetxean daukate, Villenatik (Alacant) bertara eramanda, epaiketan lekuko gisa deklaratzeko.

Berria.info: Presoei inoiz ez diela ETAren agindurik eman esan du Goioagak

2012/09/16

Bihar eta etzi epaituko dute Patas Auzitegi Nazionalean

Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarra irailaren 17 eta 18an epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2007ko ustezko ihesaldi plan batean nahasita egotea egotzita.  Horren harira, lau lagun atxilotu zituzten 2009ko ekainean, horien artean Algortakoa ere den Inge Urrutia. Emakume gaztea libre utzi zuten handik egun batzuetara, kargurik gabe. 2011ko ekainean prozesamendu autoa zabaldu zuten Patas, Iñako Goioaga abokatu sestaoarra eta Ana Paz medikua, epaitzeko asmoarekin. Arkaitz Goikoetxea gatibu getxoztarra eta Igor Solana bilbotarra ere lotu zituzten hasiera batean ihes egiteko saiaketa horrekin, baina epaileek ez zuten prozesamendua zabaltzerakoan horrela ikusi eta ez zituzten prozesatu. Hala ere, Arkaitz Valdemoro espetxean daukate, Villenatik (Alacant) bertara eramanda, epaiketan lekuko gisa deklaratzeko.

Patas eta Arkaitz askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/07/29

"Patas" Valdemorora eraman dute irailaren 17an epaitzeko

Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarra Madrilgo Valdemoro espetxean daukate, Algeciraseko kartzelatik ostegunean atera ostean. Gertukoek jakinarazi dutenez, irailaren 17an epaiketa egingo diote Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2007ko ustezko ihesaldi plan batean nahasita egotea egotzita.  Horren harira, lau lagun atxilotu zituzten 2009ko ekainean, horien artean Algortakoa ere den Inge Urrutia. Emakume gaztea libre utzi zuten handik egun batzuetara, kargurik gabe. 2011ko ekainean prozesamendu autoa zabaldu zuten Patas, Iñako Goioaga abokatu sestaoarra eta Ana Paz medikua, epaitzeko asmoarekin. Arkaitz Goikoetxea gatibu getxoztarra eta Igor Solana bilbotarra ere lotu zituzten hasiera batean ihes egiteko saiaketa horrekin, baina epaileek ez zuten prozesamendua zabaltzerakoan horrela ikusi eta ez zituzten prozesatu.

Patas askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

2012/04/02

Gaur dira Patas eta Cotanoren urtebetetzeak. Zorionak!

Gorka Garcia Sertutxa "Patas" eta Aitor Cotano Sinde preso algortarrek gaur, apirilak 2, egin dituzte urteak.

Aukera ona gutun bat bidaltzeko.

Gure aldetik zorionak eta eskerrik asko egunero erakusten duzuen duintasunagatik!

Helbideak:

Gorka Garcia Sertutxa
Centro Penitenciario de Algeciras
11207 Algeciras (Cádiz)

Aitor Cotano Sinde
C.P.Puerto III
11500 Puerto de Santa María (Cádiz)
(Oraintxe bertan Madrilen dago, epaiketa baterako)

Etxean nahi ditugu!
Aski da! Presoak herrira!