Argazkian, Xabier Galdeanori ostiralean egindako omenaldia / cc-by Ukberri.net.
Joan den ostiralean bi hitzordu hartu zituen
Algortako Telletxe plazak. Batetik, ostiralero bezala, euskal preso
eta iheslari politikoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egin genuen, iluntzeko
zortzietan, ehun bat lagun inguruk, Xabier Lopez Peña galdakoztarraren
eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren heriotzak gogoan. Errepide
parean, ordu batzuk beranduago "ezezagunek" desagertaraziko zuten
pankartak argiro erakusten zuen larunbateko Bilboko herri
mobilizaziorako deia, muturreko espetxe politikari erantzuna eman eta
Espainiako zein Frantziako Gobernuei salbuezpen neurriak eten
ditzatela exijitzeko asmoz.
Ordu erdi beranduago, berriz, GALen
mertzenarioek orain 28 urte eraildako Xabier Galdeano Arana
"Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta
kazetaria gogoratu genuen, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak antolatutako
ekitaldian. Omenaldian zehar, bertsoak, aurreskua eta lore sorta
eskaintza egin ziren, Xabierren alabak ere bertan zirela. Ondoren,
algortarraren bizitza eta ibilbideari errepasoa egin zioten bi hizlarik,
baita haren erailketa salatu ere; ekitaldia "Eusko Gudariak" abestuz
amaitu aurretik.
GALek 1985eko martxoaren 30ean hil zuen, tiroz, Xabier Galdeano, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu,
egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera
zihoala.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.