Showing posts with label gal. Show all posts
Showing posts with label gal. Show all posts

2013/04/08

Omenaldia egin zaio Xabier Galdeanori Algortan

Argazkian, Xabier Galdeanori ostiralean egindako omenaldia / cc-by Ukberri.net.

Joan den ostiralean bi hitzordu hartu zituen Algortako Telletxe plazak. Batetik, ostiralero bezala, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egin genuen, iluntzeko zortzietan, ehun bat lagun inguruk, Xabier Lopez Peña galdakoztarraren eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren heriotzak gogoan. Errepide parean, ordu batzuk beranduago "ezezagunek" desagertaraziko zuten pankartak argiro erakusten zuen larunbateko Bilboko herri mobilizaziorako deia, muturreko espetxe politikari erantzuna eman eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei salbuezpen neurriak eten ditzatela exijitzeko asmoz. 

Ordu erdi beranduago, berriz, GALen mertzenarioek orain 28 urte eraildako Xabier Galdeano Arana "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria gogoratu genuen, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak antolatutako ekitaldian. Omenaldian zehar, bertsoak, aurreskua eta lore sorta eskaintza egin ziren, Xabierren alabak ere bertan zirela. Ondoren, algortarraren bizitza eta ibilbideari errepasoa egin zioten bi hizlarik, baita haren erailketa salatu ere; ekitaldia "Eusko Gudariak" abestuz amaitu aurretik. 

GALek 1985eko martxoaren 30ean hil zuen, tiroz, Xabier Galdeano, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala.

2013/04/03

Xabier Galdeano gogoratuko dute ostiralean Algortan

Argazkian, Xabier Galdeano gogoratzeko pankarta aurreko omenaldi batean / cc-by Ukberri.net.

Joan zen larunbatean, martxoak 30, izan ziren 28 urte, GALen mertzenarioek Xabier Galdeano Donibane Lohizunen hil zutenetik. Gauzak horrela, ostiral honetan, apirilak 5, ekitaldia izango da Algortan erailketa hura gogoratzeko. Hitzordua iluntzeko 8:30ean jarri du Telletxe plazan Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak, algortarrari eta bere sendiari omenaldi xumea egiteko. Galdeano "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria izan zen. GALek hil zuen, tiroz, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala. 

Xabier, zure irribarretik sortzen da gure indarra!

2013/03/30

Gaur bete dira 28 urte Xabier Galdeano erail zutenetik

Gaur, martxoak 30, dira 28 urte, GALen mertzenarioek Xabier Galdeano Arana Donibane Lohizunen hil zutenetik. Algortarra "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria izan zen. GALek hil zuen, tiroz, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala. 

Xabier, gogoan zaitugu!